Bedaioko Azoka 2024

Bedaioko Azoka Berezia 2024

Urtero bezala, Bedaioko Azoka Berezia itzuli da, bertako produktuei eta auzolanari esker antolatua. Urriaren 20an, goizeko 10:00etatik 13:45era, ospatuko da frontoian.

Azoka honek aukera paregabea eskaintzen du gure lurrak ematen dituen produktu oparoak ezagutzeko eta etxera kalitatezko produktuak eramateko. Garaiko eta KM0-ko produktuak izango dira protagonista, beste behin, Bedaioko azokako postuetan: bertako babarruna, barazki freskoak, eztia, mondejuak, eta garaian garaiko fruituak, hala nola, intxaurrak, sagarrak eta gaztainak. Horrez gain, esnekiak, gaztak, etxean egindako postreak, ukenduak eta kremak ere aurkituko dituzue. Baserriko animaliak ikusteko aukera ere izango da, eta erleen produktuak dastatzeko eta erosteko aukera ez da faltako.

Aurtengo Erakustoki Txokoak, azken urteotan azokako gune ezagunenetako bat bilakatu denak, “Sukaldea” izango du gai nagusi. Erakustokia azoka guztian zehar egongo da ikusgai, eta garai bateko sukalde tresnak bertan erakutsiko dira. Gainera, “lehengo sukaldeko tresnak” pin tailerra izango da 11:00etatik 13:00etara, garai bateko sukaldeen magia berreskuratuz.

Hotzari aurre egiteko, taloak jateko aukera ere izango da, giro ederrean.

Azoka bera eguerdiko 13:45etan amaituko da, baina goiza amaitzeko aukera zoragarria izango dugu Artubi elkartean egingo den bazkariarekin. Bazkari irekia izango da, 50 pertsonarentzako tokiarekin.

Autobus zerbitzua
Beraz, denok gonbidatuta zaudete igande honetan Bedaiora hurbiltzera, bertako produktuak dastatzera, ikustera eta erostera. Tolosatik Bedaiora joateko eta itzultzeko autobus zerbitzua jarri da eskuragarri:

Tolosa-Bedaio:

  • 1. zerbitzua:
    10:45 | Tolosako San Frantzisko pasealekuko geltokian
    11:00 | Alegian, eskoletako geltokian
    11:10 | Ugarte
  • 2. zerbitzua:
    12:00 | Tolosako San Frantzisko pasealekuko geltokian
    12:15 | Alegian, eskoletako geltokian
    12:25 | Ugarte

Bedaio-Tolosa:

  • 1. zerbitzua:
    13:00 | Bedaioko plazatik irtengo da eta joaneko geltoki berberak egingo ditu (Ugarte, Alegia, Tolosa).
  • 2. zerbitzua:
    13:45 | Bedaioko plazatik irtengo da eta joaneko geltoki berberak egingo ditu (Ugarte, Alegia, Tolosa).

Ez galdu urteko hitzordu berezi hau!

About admin