Bedaioko Azoka 2019

Bedaioko Azoka 2019

BEDAIOKO XII. AZOKA: jasangarria, bideragarria, ekologikoa, auzolanen egindakoa, berdintasunezkoa, bertakoa eta gurea

Aurten ere prestaketa lanetan buru belarri gabiltza eta beste urte batez 20 postu salmentarako egotea lortu dugu Bedaioko Azoka Berezian.

Gure lurrak eskeintzen dizkigun fruitu oparoen hornitzaile izateaz gain, noiz behinka landa ingurunearen zeregina suertatzen da fruitu hoien erakuslehio ere izatea. Horrela ba, urte garai hau ezin egokiago izaten dugu hainbat eta hainbat herri txiki eta auzoetan prestatzen dituzten azoketara hurbildu, bertako jakiturian murgildu eta ongi suertatzen bada etxera kalitatezko produktuekin bueltatzeko sasoia.

Komunikazio medioetan Lurralde Oreka bili bolo dabilen garai hauetan eta euskal paisaiaren bi aurpegi hiritartasuna eta landatasunaren elkarbizitza, gurea delako bakarrik mantendu behar dela esaten dutenen aurrean, urte sasoi hau aproposa bihurtzen da landa eremuetara hurbildu eta gurea izateaz haratago, behar beharrezkoa dela gizarte digitalizatu eta norbanako honetan landatasunak ematen digun naturarekiko harremanaz jabetzeko. Gure produktuen kalitatea, itxuraz gain, ezagutzeko bidea. Bertako produktuak eta garaian garaikoak.

Zita Bedaion Urriak 27an, goizeko 10etatik eguerdiko 13:45 etara

Zer izango dugu Bedaion?

Bertan ikusi, dastatu eta erosi ahal izango dira hainbat produktu, adibidez, bertako babarruna, barazki, etxeko labe zaharrean egindako ogia, mondejuk, arrautzak, garai honetan gure fruta arbolak eskaintzen dizkiguten intxaur, sagar, gaztain, piper erreak, ukenduak eta xaboiak….. etxean egindako postre goxoak, esnekiak, gaztak.

Sagardoa nola egiten den azalduko digute dolare txiki baten bidez. Lehen Sagar zukua dastatzeko aukera izango delarik.

Baserriko animaliak ikusteko aukera izango da eta erleen hainbat produktu dastatu eta erosteko bidea ere. Bedaioko Azoka Berezia. 2019ko urriaren 27an

Azken urteotako arrakastaren ondorioz aurten ere, landare eta loreetan aditua den JAKOBA ERREKONDO izango dugu gurean. Argitaratu berri duen LANDAREAK LANTZEN gida liburua salgai izango du aurten zuhaitzari eskainia eta jendearen kezka eta jakinminak asetzeko eta ezagutzak elkarbanatzeko aukera paregabea izango da.

Azken urte hauetan jendearen parte hartzeak azokako gune garrantzitsua bilakatu du Bedaioko Erakustoki Txokoa. Aurtengo gaia, garai batean gure amona-berramonak ezkontza egunerako prestatzen zituzten esku lanez egindako hainbat zapi izango da. Erakusketa txokoan Irurako Lules Gabarain hurbilduko zaigu Bolillo bidezko eskulanaren teknika erakustera.

Eta artista gonbidatua aurten Usurbilgo Zorione bere “Marrak” artelanarekin.

Eta nola ez, gure gorputzak inguratu dituen garai honetako hotzari aurre egiteko, nahi duenak, taloa txorizo edo hirugiharrarekin, eta gaztain erreak jateko aukera izango du.

Azoka erakustoki – saltoki gune bezala eguerdiko 13:45etan bukatuko da baina goizeko lanaldiak Artubi elkarteak antolatuko duen bazkari batekin izango du amaiera. 20€-ren truk bertako babarruna dastatzeko aukera paregabea, horretarako, goizparte osoan bazkarirako tikeak salgai egongo dira frontoian nahi duenarentzako eskuragarri.

Ezin ahaztu urteroko zozketa berezia, azokako “zerga” berezian bildutako produktuez osaturiko zozketa paregabea.

Guzti hau ikusi, dastatu, galdetu edo erosi nahi duenak, igandean hurbildu dadila Bedaiora.

Eta ez ahaztu egun bateko erakustoki-saltoki izango den Bedaioko azoka edo beste hainbat herrietako azoken atzean, egun askotako lan, kutixi eta maitasunez beteriko duintasun handiko lana dagoela. Denon esku dago mantentzea.

Tolosako udalak autobus zerbitzua jarriko du, ordutegia: Bedaioko Azoka Berezia. 2019ko urriaren 27an

TOLOSA-BEDAIO

10:30 etan Tolosako San Frantziskoko geltokian

10:45etan Alegin Kikarako geltokian

10:55etan Ugarten Bedaioruntz

BEDAIO-TOLOSA

13:30tetan Bedaiotik aterako da dagozkion geldiuneak eginez Ugarte-Alegi eta Tolosa (San Frantzisko)

Bedaio. Gozatu eta dastatu ezazu

About admin