Urtero bezala, Bedaioko Azoka Berezia itzuli da, bertako produktuei eta auzolanari esker antolatua. Urriaren 19an, goizeko 10:00etatik 13:45ra, ospatuko da frontoian.
Azoka honek aukera paregabea eskaintzen du gure lurrak ematen dituen produktu oparoak ezagutzeko eta etxera kalitatezko produktuak eramateko. Garaiko eta KM0-ko produktuak izango dira protagonista, beste behin: mondejuak, etxeko ogiak, baratzetik zuzenean ekarritako barazkiak, postreak, haragia, Balerdipeko Erleen eztia, kremak, ukenduak eta olio naturalak, puntuzko eskulanak, Otizeko gazta, eskuz eginiko bitxiak… Gainera, Otero eku-pilotako pilotagilea izango da bertan, eta taloak eta gaztain erreak ere ez dira faltako, giro bero eta herrikoian.
Aurtengo Erakustoki Txokoak, azken urteotan azokako gune ezagunenetako bat bilakatu denak, “Txerri Hiltzea” izango du gai nagusi. Bertan, garai bateko txerri-hiltzeen ohiturak eta tresnak ikusgai izango dira, eta odolkiak eta txorizoak egiten ikasteko eskuhartze praktikoak ere antolatuko dira.
Azokan zehar, etxeko animali ezberdinen erakusketa ere egongo da, familiako txikienek ere goza dezaten.
Goiza borobiltzeko, 14:00etan Artubi elkartean bazkaria izango da: babarrun jana, betiko giro onean.
Autobus zerbitzua
Beraz, denok gonbidatuta zaudete igande honetan Bedaiora hurbiltzera, bertako produktuak dastatzera, ikustera eta erostera. Tolosatik Bedaiora joateko eta itzultzeko autobus zerbitzua jarri da eskuragarri:
Tolosa-Bedaio:
- 1. zerbitzua:
10:30 | Tolosako San Frantzisko elizako geltokian
10:45 | Alegia, Eskoletako geltokia
10:55 | Ugarte → Bedaioruntz - 2. zerbitzua:
11:30 | Tolosako San Frantzisko elizako geltokian
11:45 | Alegia, Eskoletako geltokia
11:55 | Ugarte → Bedaioruntz - 3. zerbitzua:
12:30 | Tolosako San Frantzisko elizako geltokian
12:45 | Alegia, Eskoletako geltokia
12:55 | Ugarte → Bedaioruntz
Bedaio-Tolosa:
- 1. zerbitzua:
12:00 | Bedaioko eliz plazatik (geldialdiak: Ugarte, Alegi eta Tolosa – San Frantzisko) - 2. zerbitzua:
13:00 | Bedaioko eliz plazatik - 3. zerbitzua:
14:00 | Bedaioko eliz plazatik
Bedaioko eliz plazatik aterako dira itzulera zerbitzuak, dagokien geldialdiak eginez: Ugarte, Alegi eta Tolosa (San Frantzisko).
