Landa eremuetako oinarrizko azpiegituren alde

Landa eremuetako oinarrizko azpiegituren alde kontzentrazioa

Bedaion azken aste hauetan izan diren komunikazio arazoen harira eta landa eremuetako biztanleok, orokorrean, komunikazio konpainia handien aldetik betidanik ikusten dugun utzikeria kontuan harturik, kontzentrazio bat antolatu dugu datorren larunbatean, Otsailak 27, Tolosako Triangulo plazan eguerdiko 12:00etan. Landa eremuetako oinarrizko azpiegiturak hobetzeko eskatzea du helburu ekimen honek.

Hona hemen Bedaiotar batek, bertan bizi dugun egoerari buruz eginiko idatzia:

ADARRA JOTZEA BEDAION

Horixe da Bedaiotarrok egin beharko duguna 2021. urtean larrialdiren bat izan eta bertan hiltzerik nahi ez badugu, hain erreza dirudien telefono bidezko laguntza eskatu ezin dugulako, adarra jo, medikuren bat behar edo norbaiti mezuren bat bidali behar badiogu…hori bai hitz jario handirik gabe, gure aiton amonak moldatzen ziren bezala, adarra joaz, garai haietan baserri batetik bestera laguntza behar bazen edo norbait hiltzen bazen jakitera emateko.

Baina Bedaiotar ez diren guztiak lasai daitezela adarra jotzen ez badakite, gaur egun medikuak bilatu dute irtenbidea (noski, bere esku izan duten baliabide bakarra), ertzaintzara jotzea, alegia Bedaioko norbaiten heriotzaren berri eman ezinik geratzen badira Bedaion bizi den eta alargun berri gelditu den emazteari.

Baina adarra jotzen bai ondo dakitela erakundeek eta Movistar-Telefonika konpainiak ere. Adar hau ordea, ez da gure arbasoen adarra, auzolanean elkarlanerako deirako mezua, adarra jotze hau, utzikeriarena da, adarra jotze hau, irainarena da, adarra jotze hau, komunikazio konpainia handi baten gehiegikeria da…

Esaldi berean bi adar jotze, bata sufritzen duenarena eta bestea eragiten duenarena. A ze kontraesana!

Gizarte digitalizatu honetan bizitza bezain oinarri oinarrizkoa den heriotzaren komunikazioa ere kendu nahi digute Bedaiotarroi.

Astebete baino gehiago egon gara Bedaion inkomunikatuta baina hau ez da oraingo kontua bakarrik. Azken bi urteetan, ohikoa da telefono gabe gelditzearena. Enpresa bakarra da linearen jabea, Movistar, eta mantenu lanak egiten ez direnez, linea lurretik, zuhaitz erorien azpian, edozein momentuan hariak etenda…..inkomunikatuta eta inor gure arazoaren konponbidea bere gain hartzeko asmorik gabe.

Movistarrek koponbidea bilatu du. Mugikorrera deitzen dizute eta mugikorra ez baduzu hartzen, beraientzat horrek esan nahi du arazoa konpondu dela. Baina nola erantzungo dugu mugikor estaldurarik ez dagoen eremuan? Orduan beraientzat ez dago matxurarik eta berriro sartzen gera irtenbiderik gabeko gurpil zoroan…

Egoera honen ondorioak zein diren? Urgentziaz medikuari deitzeko autoa hartu behar, baina ezin duenak autoa hartu? Adinekoen kasuan adibidez babesik gabe geratzea…gertatu da adinekoa ondoezik suertatu eta bere larrialdian, inorekin ezin zelako harremanetan jarri, errepidera laguntza eske atera beharra izatea, edo medikua jarri beharra gaixoarekin harremanetan eta ezin….baina azkeneko gertaerak gure mugak gainditu ditu. Orain arte gure artean izan dugun bizilagun baten heriotza familiari helarazteko telefonoz ezin komunikatu eta medikuak ez du beste irtenbiderik bilatu ertzainak bideratzea alargundu berri den emazteari bere senarraren heriotzaren berri emateko, eta alarguna bere saminean ezin komunikatu inorekin…Noraino iritsi behar gara? Noraino iritsi behar du gure gizartearen tolerantzia mailak? Eta ez, hau ez da urruneko egoera bat, ez dugu urrutira joan behar egoera hau gure artean gertatzen dela sinisteko, egoera hau Tolosan gertatzen da. Bedaion.

Aski da!!!!

About admin