Bedaio

Bedaio Gipuzkoako latifundio adibiderik garbiena da. Denbora luzean, lurrak eta baserriak jauntxoen jabego izan dira eta baserritarrak maizter. Tolosako auzo bilakatu baino lehen,1554an, lurralde guztiz feudala zen eta jabeen baldintzapetan bizi ziren.

Hasera batean Juan Martínez Berastegi zen Bedaioko jaun eta jabe, eta geroago, urte askotan bere ondorengoak. 1900 urtean, berriz, Elosegi eta Alustiza familiena zen. Bedaion baserri ugarirekin egingo duzu topo, adibidez Gurbillaundi, Gipuzkoako baserririk handiena, lllorreta 1860. urtetik dokumentatua dagoen baserria edo Zugastibarrena, bertako zaharrena.

Bedaioko hainbat baserri eta lursail
Bedaioko hainbat baserri eta lursail (Txomin Rezola Clemente)

Baserriak

Bedaio baserriz osaturik dago, eta betidanik bertako jarduera nagusia nekazaritza eta abeltzaintza izan dira, bertan biziz eta lan eginez. Industriarik ez dago Tolosako azaleraren heren bat osatzen duen lur hauetan, eta 1970 arte ez zen bertaraino errepiderik iritsi.

Gipuzkoako baserririk handiena

Gurbillaundia Gipuzkoako baserririk handiena da. Baina bere handitasunaz gain, erdian duen patioak ere badu intereseko puntua. Batzuek diotenez, bere garaian kartzela funtzioa betetzeko eraikia. Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko pasabide estrategiko bezala karlisten gerra garaian, kuartel bezala ere funtzionatu omen zuen, patioa zalditegi bezala erabiliz.

Errota

Ez dago jakiterik zein urtetakoa den, baina historiako dokumentuetan 1544. urtean agertzen da Errota baten izatea. Gaur egun, eraberritua dago eta funtzionamenduan. Uraren bidez mugitzen diren bi harri errotaz osatua dago.

Bedaioko Errota
Bedaioko Errota

Abaetxea

Bere garaian Bedaioko baserria eta mendian jabe zirenen bizilekua izan zen. Orain dela urte batzuk eraberritua, nekazalturismo ere izan da, baina 2010 urteaz geroztik jatetxe bezala funtzionatzen du. Asteburu eta jai egunetan egon ohi da irekia.

Telefonoa: 943 65 02 34

Mugikorra: 689 99 76 74-630 11 42 15

Bedaioko baserri zaharrenetakoa

Zugastibarrena baserrian antzinako baserrien arkitektura tradizionala topa dezakegu. Egurrezko habez josiriko sareak eta oholez eginiko fatxadak ageri dira. Bedaioko lehen eraikinetako bat dugu, Sarobeberri baserriarekin batera.

Zugastibarrena baserria
Zugastibarrena baserria (Eduardo Recalde)

Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen

Zarate mendi-lepoa, Bedaio eta Azkarate bereizten dituen garrantzi handiko ataka zabal bat da. Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga. Erdi Aroan, kostaldearen eta barrualdearen artean salerosketan jarduteko galtzada garrantzitsua izan zen. Geroago, ariel probintzialak biltzen ziren etxea bertan egon zen mikeleteen ardurapean. Esaten dutenez, galtzada zahar horretatik itzuli omen zen Loiolako Inazio bere etxera, Iruñean zauritua izan ondoren.

Zarate
Zarateko Lepoa (Txomin Rezola Clemente)

Natura

Bedaio ingurua leku ikusgarria da, besteak beste, paisaia ederrak, antzinako aztarnak, animaliak eta landaretza ikusteko.

Sagastiak ikusten badira ere, pinua da nagusi, batez ere, bailararen beheko partean. Bada, halere, pagadi eta hariztirik. Udazken eta udaberri aldera inguratuz gero, gure sukaldean hain preziatuak diren ziza eta onddoak topatu ahal izango ditugu. Animalien artean, baso eta mendian zehar ibilian, ikus ditzakegu: basurdeak, orkatzak, azeriak, katagorriak, lepazuriak, arranoak, saiarreak, trikuak, mozoloak eta beste hainbat ugaztun eta hegazti.

Bedaioko basoa
Bedaioko basoa (Txomin Rezola Clemente)

Bedaiotar ospetsuak

1881-ko Urtarrilaren 3-an jaio zen Abaetxe zaharrean, Jose Ramon Zubillaga, besteak beste idazle lanetan aritua. Gazte denboran Argentinara emigratu behar izan zuen eta bertan idatzi zituen “Lardasketa” eta “Euskaldunak Argentinan” liburuak. Bi liburu argitaratu gabe utzi zituen: “Ene sorterria” (Bedaioren inguruan) eta “Aralarko lapurra”.

Ezin utzi aipatu gabe Zumizketa baserrian jaiotako Juan Antonio Sarasola (1887-1983), errepublika garaian auzo-alkate izan zena. Baina, Sarasola ez dugu ezaguna lan horregatik, baizik eta txistulari aparta izan genuelako, bere txistu eta danbolinen doinuez, hainbat herritako jaiak alaitzeko ardura izan zuen, Gipuzkoar nahiz Nafar herriak. Bera izan zen Bedaioko Ingurutxoa gaur egun mantentzearen errudun, eta nahiz eta dagoeneko galduak egon, beste zenbait dantza zaharren erakusle ere. Herrian plaka oroigarria duen Bedaioko beste pertsona garrantzitsu bat José Ramón de Sagastume doktorea da, Gipuzkoako Gurutze Gorriaren sortzailea. 1891an Bedaion jaioa berau.

Juan Antonio Sarasola
Juan Antonio Sarasola